XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atomoa

Materia bere osotasun guztian atomoz eratuta dago.

Atomoa, elementu baten propietate kimikoak mantentzen dituen elementu-partikularik txikiena da.

Baliteke gainerako partikuletatik independente izatea edota, gehienetan gertatzen den bezala, beste batzuekin elkartu eta molekulak edo kristalak eratzea, hauek beren artean beste talde eta multzo batzuek eratuz unibertsoko materia osatzen dutelarik, nola biziduna hala bizigabea.

K.a. V. mendean jada, Demokrito filosofo greziarrak, materia partikula zatiezinez eratuta zegoelako teoria azaldu zuen eta partikula horiei atomo izena eman zien (grekerako atomos-ek zatiezina esan nahi baitu).

Hala ere, garai hartan ezinezkoa zen bere izaera egiaztatzea, eta XIX. mendeak iritsi behar izan zuen, John Dalton britainiarra esperientzia praktikoetan oinarrituta teoria atomikoa finkatzen has zedin.

Azterlari honek, elementu bakoitzaren kasuan ezaugarri bereziak zituzten bolatxo solido txikitzat hartu zituen atomoak.

Gaur egun ehun elementu desberdin baino gehiago ezagutzen dira.

Hala ere, XIX. mendearen amaieran, partikula horiek zatiezinak ez direla eta zenbait partikula elementalez osatuta daudela aurkitu zen.

Horietatik lehenik aurkitu zena elektroia izan zen, sir Joseph Thomson-i esker, 1897an. 1911n, Rutherford-ek esperimentu bidez, atomoak, bere zatirik handiena hutsa duela frogatu zuen: bere masa nukleo txiki-txiki batean bilduta dagoela eta horren biran dabiltzala biraka elektroiak.

Nukleo horrek karga positiboa dauka eta biraka dabiltzan elektroiek, aldiz, karga negatiboa dute.

1913an, Niels Bohr fisikari daniarrak, elektroi bakoitzak ibilbide jakina egiten duela egiaztatu zuen eta nukleoa inguratuz elektroi-hodeia dabilela, zenbait geruza edo energi mailaz osatua, eta geruza horietan higitzen direla elektroiak.

Zenbait atomok beren artean konbinatu eta molekula osatzen dutenean, beren elektroi-geruzen bidez mantentzen dute lotura.

Nukleoa ere ez da zatiezina.

Protoiz eta neutroiz osatua dago; lehenengoek karga positiboa dute eta azkenekoek, aldiz, ez dute karga elektrikorik.

Orokorki, nukleoko protoi-kopurua, elektroi-hodeiko elektroienaren berdina izaten da.

Lehen emandako atomoaren deskribapena ez da guztiz eta osoro zehatza, nahiz eta atomo-eredu gisa baliagarria gertatu.

Benetan, atomoa askoz ere egitura konplexuagoa da, baina ulertzeko ordea, azaldutakoa bezalako eredu sinplifikatuak behar dira.

Einstein-ek, bere erlatibitatearen teoriarekin, materiaren eta energiaren artean halako muga jakinik ez dagoela egiaztatu zuen; baieztapen honetatik aurrera beste zenbait atomo-eredu ere landu eta aurkeztu dira.

Kasu batzuetan, atomoa osatzen duten partikulak uhin elektromagnetikotzat har daitezke.

Elektroiak, nukleoa inguratzen duen karga negatibodun hodei baten antzeko zerbait osatzen dute; horrela, elektroi batek duen kokapena jakiteko bide bakarra, probabilitate-kalkulua da.

Atomo-gaietako adituek, probabilitate-ereduak eta uhin-ereduak erabiltzen dituzte maiz, atomoak deskribatzeko.

Mende honetan zehar, partikula elemental berri ugari aurkitu da.

Bestalde, tenperatura oso altuen eraginpean jarritako materia, Eguzkian dauden tenperatura-baldintzetan adibidez, ez dago atomoz osatua, plasmaz baizik (atomo-nukleoz eta elektroi librez, alegia).

Hala ere, gure ingurunearen ulermena errazteko bitarteko bezala, Bohr-en atomo-ereduak, bere baliozkotasun guztia gordetzen du.